Joan zen Martxoaren 11tik 14ra LH4 mailako ikasleak Zerainen egon ginen. Aukera paregabea izan zen Euskaraz gozatzeko eta lagunak egiteko, izan ere, Aiete Ikastetxeko ikasle talde batekin batera egon ginen. Zein ondo pasa genuen haiekin!

Eskolatik autobusa hartu eta Zerainera joan ginen. Seguratik gertu dagoen herri bat da, eta bertan aterpetxe batean egin genuen lo. Hango irakasleak oso jatorrak ziren, haiekin beti barrezka egon ginen!

Jolas pilo batera jolastu genuen, eta egunero egin genuen irteeratxo bat inguruak ezagutzeko. Hirian ikusten ez ditugun gauza asko aurkitu genituen: baserriak, ardiak, behiak, errekak… eta gainera frontoian ere asko jolastu genuen.

Gauetan lotara joan baino lehen ere oso ondo pasatzen genuen karaoke eta diskotekarekin. Ohean sartu baino lehen pijama jantzi eta pixka bat hitz egin ondoren, lotara joaten ginen; oso nekatuta geunden!

Irteera paregabea izan zen, eta beti gogoratuko ditugu han gozatutako momentu guztiak. Aupa Zerain!

Barnetegiko argazkiak ikusteko: https://photos.app.goo.gl/ozY36ebtkbMKjzTA6