Gure ikastetxearen ibilbidean, nortasun ezaugarririk nagusienetako bat, ikuspegi berriztatzailea izan da hain zuzen ere: ikuspegi metodologiko berritzaileak jarri ditugu martxan eta aitzindari izan gara, eskola duela 19 urte sortu zenetik ez gero, proiektuen bidezko Curriculumaren trataera globalizatua aplikatuz, ikaskuntza kooperatiboaren printzipioen bitartez eskola inklusibitatea bultzatuz,… eta eskola berritzaile bezala definitzen gara, eguneroko errealitatera etengabe egoituz joango den eskola nahi dugulako, ikasle gogotsuak, jakinmina dutenak, eta ekintzaileak izatera bultzatuko dituena, bizitzan norbanakako nahiz taldeko erronkei sormenez eta, arduraz eta zentzu kritikoz erantzun diezaieten.
Gainera, argi dago azken urteotan baliabide digitalen garapenak pertsonen formazio eta beharretan eraldaketa sakona eragin duela eta ukaezina da errealitate berri horrek heziketa prozesuaren egokitzapena eskatzen duela eta, nola ez, prozesu horretan parte hartzen dugunon eginkizun eta egiteko moduan ere. Geletan baliabide digitalen erabilerari bultzada eman nahi diogu eta benetako tokia egin nahi diogu ikasteko eta irakasteko prozesuan gure Hezkuntza Proiektuan zehazten diren helburu eta lehentasunekin bateratuz:
- Irakasleen prestakuntza eta etengabeko eguneratzea.
- Teknologia berrien (IKT) erabilera areagotzea.
- Gure ikastetxearen eta beste ikastetxe batzuen, toki, erakunde eta elkarte sozialen, kulturalen, lan arlokoen, etab., arteko lankidetza sustatzeko baliabide gisa, gure hezkuntza jarduera aberasteko.